auzoko bihotza: auzotarrak

http://bilbokobranka.info/?p=24908

Aitziber Virgel
Abuztua 6th, 2012 
Industria galdu zuenetik asko aldatu da Bilbo, baina benetan aldatu dena erdigunea da. Guggenheim museoak eta ondoren etorri ziren arkitekto atzerritarrek Bilbo munduko beste hiriekin lehiakortasunean sartzea lortu zuten.

Hiri lehiakortasun hauen ondorioz hiriko erdigunea hiri globalaren zati bilakatu zen. Zaida Muxìk bere tesian gune hauen inguruan hurrengo deritzo: Hiri globala ez da bakarra, ezta hiri talde bat, baizik eta beste gune globalekin ondo komunikaturiko hiri desberdineko zatiak dira, bai era errealean zein birtualean. Zentzu honetan hiri globala hiri birtuala da, zein espazio fisikoan banandurik, baina komunikazio eta fluxuen bitartez baturik dauden hainbat guneen bitartez eraikia dagoen”. Gune birtual honek, erdiguneak, Abandoibarra gure kasuan, ez du zertan bere inguru fisikoarekin konektaturik egon behar. Honen ondorioz Bilboko auzoak Bilbo turistikotik at gelditu dira. Bilbotar gehienak ordea auzoetan bizi gara, pixkanaka-pixkanaka hirigintza sektorialak hiltzera kondenatzen dien auzo horietan.

Udaletxeak Bilbo hiriak munduko beste hiriekin lehiatzen jarrai dezan “Auzoko bihotzak” proiektua martxan jarri du. Proiektu honek Bilbo eraldatu nahi du auzoen oreka bilatuz, horretarako hauen bizi ekonomikoa, soziala eta kulturala indartu nahi du. Bilboko auzoetako elkarteek aspaldi aldarrikatzen zuten auzoetan eraldaketa beharrezkoa zela, auzoko jarduerak bizirik jarraitzeko, proposamen anitz eginez horretarako. Oraingo honetan auzo elkartearen federazioarekin eta 12 auzo elkarteekin bildu da lan eta zerbitzuko saila, proiektu honen kontzeptuan sakontzeko. Auzokide Elkarteen Federazioaren iritziz, espazioen izaera funtsezkoa da elkarbizitza duin bat izateko eta lanari ekin diote auzoko proposamenak aurkezteko.
Hirietan, auzoetan, ezinbestekoak dira gune publikoak. Gune hauek ekipamenduak, kaleak, espaloiak, plazak, berdeguneak, kaleko altzariak osatzen dituzte; gureak diren, denonak diren, espazioak dira. Gune hauetan non auzotarren elkarbizitza ematen den, gure arteko harremanak sustatuz, bihurtzen dira auzoko bihotzak, auzoa bizirik jarraitzeko baliatu behar ditugun espazioak.
Gune publikoen bete beharrak asko dira, hiritar guztien eguneroko beharrei erantzuteko beste hornidura izan behar baitituzte. Elikadura, heziketa, osasuna, lana, aisialdia, ugalketa, mugikortasuna, kultura, harremanak … guzti hauek hiritarrek dituzten behar eta eskubideak dira eta modu autonomoan hauetaz gozatzeko ezinbestekoa da, gertuko zerbitzuak izatea.
Gure eguneroko beharrak auzoan asetzen, kaleei bizitza ematen diegu, auzotarrak baitira auzoko bihotza. Honetarako auzoak egokitu behar dira auzokideei auzoan bizitza egiteko gonbita eginez; aitonari gertu daukan osasun zentrora bakarrik gerturatzeko aukera emanez, auzokideari komertzio txikian kontsumitzeko abantailez informatuz; umea eskolara bakarrik joan dadin dendariak inplikatuz, amamari eguneroko ibilbidean nekaturik aurkitzen denerako itzalean eserlekua jarriz, neskari gauean beldurrik gabe itzultzeko ibilbideak argiztatuz; gazte koadrilari haiek antolaturiko tailerrak bultzatuz; atzerritarrei euskarazko doako klaseak eskainiz; langileei gertuko lantokiak eta garraio publikoa indartuz; auzoko taldeei urtean zehar egiten dituzten ekimenak prestatzeko beharrezko laguntza eskainiz, ekimen desberdinen ideia dituzten sortzaileei eraikin hutsen bidez irtenbidea emanez… Honetan lanean diharduten eragile sozial anitz ditugu Bilbon eta hauei esker auzoek bizirik jarraitzen dute oraindik ere.
Auzo elkarteetan dihardugun auzokideok auzokideen bizi kalitatea dugu helburutzat eta zuen, auzotarren elkarlanaren ondorioz proiektu asko lortu dira. Udaletxearen proiektua aitzakiatzat hartuta, auzokideok gure auzoen etorkizuna eztabaidatzeko beharra daukagu. Une garrantzitsua da elkarlanaren bitartez gure nahiak aldarrikatzeko, egi bihurtzeko aukera baitaukagu.