auzoko bihotza: auzotarrak
http://bilbokobranka.info/?p=24908

Abuztua 6th, 2012
Industria galdu zuenetik asko aldatu da Bilbo, baina benetan aldatu dena erdigunea da.
Guggenheim museoak eta ondoren etorri ziren arkitekto atzerritarrek
Bilbo munduko beste hiriekin lehiakortasunean sartzea lortu zuten.
Hiri lehiakortasun hauen ondorioz hiriko erdigunea hiri globalaren
zati bilakatu zen. Zaida Muxìk bere tesian gune hauen inguruan hurrengo
deritzo: Hiri globala ez da bakarra, ezta hiri talde bat, baizik eta
beste gune globalekin ondo komunikaturiko hiri desberdineko zatiak dira,
bai era errealean zein birtualean. Zentzu honetan hiri globala hiri
birtuala da, zein espazio fisikoan banandurik, baina komunikazio eta
fluxuen bitartez baturik dauden hainbat guneen bitartez eraikia dagoen”.
Gune birtual honek, erdiguneak, Abandoibarra gure kasuan, ez du zertan
bere inguru fisikoarekin konektaturik egon behar. Honen ondorioz Bilboko
auzoak Bilbo turistikotik at gelditu dira. Bilbotar gehienak ordea
auzoetan bizi gara, pixkanaka-pixkanaka hirigintza sektorialak hiltzera
kondenatzen dien auzo horietan.
Udaletxeak
Bilbo hiriak munduko beste hiriekin lehiatzen jarrai dezan “Auzoko
bihotzak” proiektua martxan jarri du. Proiektu honek Bilbo eraldatu nahi
du auzoen oreka bilatuz, horretarako hauen bizi ekonomikoa, soziala eta
kulturala indartu nahi du. Bilboko auzoetako elkarteek aspaldi
aldarrikatzen zuten auzoetan eraldaketa beharrezkoa zela, auzoko
jarduerak bizirik jarraitzeko, proposamen anitz eginez horretarako.
Oraingo honetan auzo elkartearen federazioarekin eta 12 auzo elkarteekin
bildu da lan eta zerbitzuko saila, proiektu honen kontzeptuan
sakontzeko. Auzokide Elkarteen Federazioaren iritziz, espazioen izaera
funtsezkoa da elkarbizitza duin bat izateko eta lanari ekin diote auzoko
proposamenak aurkezteko.
Hirietan, auzoetan, ezinbestekoak dira gune publikoak. Gune hauek
ekipamenduak, kaleak, espaloiak, plazak, berdeguneak, kaleko altzariak
osatzen dituzte; gureak diren, denonak diren, espazioak dira. Gune
hauetan non auzotarren elkarbizitza ematen den, gure arteko harremanak
sustatuz, bihurtzen dira auzoko bihotzak, auzoa bizirik jarraitzeko
baliatu behar ditugun espazioak.
Gune publikoen bete beharrak asko dira, hiritar guztien eguneroko
beharrei erantzuteko beste hornidura izan behar baitituzte. Elikadura,
heziketa, osasuna, lana, aisialdia, ugalketa, mugikortasuna, kultura,
harremanak … guzti hauek hiritarrek dituzten behar eta eskubideak dira
eta modu autonomoan hauetaz gozatzeko ezinbestekoa da, gertuko
zerbitzuak izatea.
Gure eguneroko beharrak auzoan asetzen, kaleei bizitza ematen diegu,
auzotarrak baitira auzoko bihotza. Honetarako auzoak egokitu behar dira
auzokideei auzoan bizitza egiteko gonbita eginez; aitonari gertu daukan
osasun zentrora bakarrik gerturatzeko aukera emanez, auzokideari
komertzio txikian kontsumitzeko abantailez informatuz; umea eskolara
bakarrik joan dadin dendariak inplikatuz, amamari eguneroko ibilbidean
nekaturik aurkitzen denerako itzalean eserlekua jarriz, neskari gauean
beldurrik gabe itzultzeko ibilbideak argiztatuz; gazte koadrilari haiek
antolaturiko tailerrak bultzatuz; atzerritarrei euskarazko doako klaseak
eskainiz; langileei gertuko lantokiak eta garraio publikoa indartuz;
auzoko taldeei urtean zehar egiten dituzten ekimenak prestatzeko
beharrezko laguntza eskainiz, ekimen desberdinen ideia dituzten
sortzaileei eraikin hutsen bidez irtenbidea emanez… Honetan lanean
diharduten eragile sozial anitz ditugu Bilbon eta hauei esker auzoek
bizirik jarraitzen dute oraindik ere.
Auzo elkarteetan dihardugun auzokideok auzokideen bizi kalitatea dugu
helburutzat eta zuen, auzotarren elkarlanaren ondorioz proiektu asko
lortu dira. Udaletxearen proiektua aitzakiatzat hartuta, auzokideok gure
auzoen etorkizuna eztabaidatzeko beharra daukagu. Une garrantzitsua da
elkarlanaren bitartez gure nahiak aldarrikatzeko, egi bihurtzeko aukera
baitaukagu.
Suscribirse a:
Entradas (Atom)